Komunikasten

‘Yes we did’ estrategia

Iturria: Sareko Argia.

“Obamaren aldeko kanpaina ez da ongi atera soilik teknologia berriak erabili ditugulako, tresna horiek nola eta zertarako erabili argi geneukalako baizik. Kanpainak ez du medio sozialen indarra erakusten, estrategiarena baizik. Estrategia eraginkorra, hori da arrakastaren funtsa. Helburua ez zen Internet bidez jendea harremanetan jartzea, sarean zegoen mugimendua kanpoan, kalean islatzea baizik”. Rahaf Harfoush 25 urteko kanadarraren hitzak dira horiek. Barack Obama Etxe Zurira eraman zuen lasterketan parte hartu zuen, Internet bidezko kanpainaren arduradun bezala. Donostiako Kursaalen izan zen atzo, Yes We Can kanpaina Interneten nola garatu zen azaltzeko.

Blogak, Twitter, Facebook, MySpace… Horien bidez jendearengana modu eraginkorrean iritsi nahi zuen Harfoushek. Eta modu eraginkorrean iristeak esan nahi du jende hori kanpainan inplikatzea, ekitaldiak antolatuz, donazioak eginez… Horretarako gauzak pixkana-pixkana egin behar direla esan zuen, hasiera apala izan behar dela: “Guk MySpacen hasi genuen kanpaina, apur bat beranduago Facebook-era pasa ginen, gero Twitter-era… Gauzak pixkana egiteak jendearekiko harremana indartzen du, zerk huts egiten duen ikus daiteke… Gauza denak ez dira aldi berean egin behar”.

Demokratek MyBo (My.BarackObama.com) izeneko komunitatea sortu zuten, kanpainaren antolakuntzan aktiboki parte hartu nahi zuten herritarrak koordinatzeko. Orotara 2 milioi profil sortu ziren, eta 35.000 boluntario taldek hartu zuten parte ekimen horretan. 400.000 blog post bidali ziren eta Internetez kanpo 200.000 ekitaldi antolatu ziren.

Ekitaldiak antolatzea zen helburuetako bat. Beste bat, nola ez, kanpainarako dirua pilatzea. Horretarako, donazio txikietan oinarritu ziren, eta ez soilik aberatsen aportazioan, ohikoa den moduan: “Jendearen kanpaina egin genuen. 5, 10, 50 ala 100 dolar. Donazio guztiei erakusten genien gure esker ona. John McCain errepublikarrak 360 milioi dolar bildu zituen Internetez, guk 750 milioi”. Puxtarria demokratentzat. Bi alderdi nagusien arteko lehiari buruzko datu gehiago ere eman zituen Harfoushek. Guk Facebook-en 3 milioi lagun ditugula eta eurek 620.000, MySpacen milioi bat eta beraiek 218.000, YouTuben ia 2.000 bideo zintzilikatu ditugula eta eurek 350… Gol, gol eta gol.

Kanpainaren gakoez hitz egiterakoan, beste kontu bat ere aipatu zuen Harfoushek. “50 Estatuko estrategia” erabili zuten demokratek. Alegia, ez zuten irabazteko aukera zeukaten lekuetan bakarrik lehiatu, estatu guztietan baizik: “Errepublikarrengana ere jo genuen. Bagenekien euren artean Bushen politikarekin pozik ez zegoen jendea zegoela, eta gugana erakarri nahi genituen. Bestalde, Obama beltza da, izen atzerritarra du, Hillary-rekin lehian zebilen… estrategia egokia erabili behar genuen jendearen konfiantza lortzeko”.

Jendea euren lagunez fio da

Herritarren konfiantza lortu eta parte-hartzea bultzatzeko, eman beharreko pausoak ongi kontrolaturik zituen Harfoushen lan taldeak. Konpromiso handiena erakusten duten erabiltzaileak ongi zaintzea ezinbestekoa dela esan zuen: “Aukera eman behar diezu zurekin harremanetan jartzeko, euren iritzi eta proposamenak aintzat hartzen dituzula erakutsi behar diezu… Erabiltzaile horiek gustura sentitzen badira, euren lagunak zugana erakarriko dituzte. Jendea adiskideez fio da. Apurka-apurka, sare sozial pilo batean sartu ginen, baita euren sarean politikari bat sekula sartuko ez zela pentsatzen zuten horietan ere”.

Benetan garrantzitsua da, era berean, “misioak pertsonalizatzea”, gertutasuna erakustea. Kanpainak iraun zuen bitartean mila milioi e-mail bidali zituztela esan zuen Harfousek, lekuan lekuko albisteekin, bakoitzaren etxe alboan gertatzen ari zenari buruzko informazioarekin, toki horretan nagusi ziren kezken inguruko azalpenekin. 13 milioi mezu jaso zituzten. “Askok uste zuten Obamak berak idatzi ziela! Internautek beren arazoak kontatzen zizkioten, edo eskerrak eman, errieta egin…” Bestalde, mezuak bidaltzean tentuz jokatzen zutela adierazi zuen: “Norbaitek egun batean 50 euroko donazioa egiten bazuen, handik astebetera ezin zitzaion diru gehiago behar genuela zioen mezu orokorra bidali. Aitzitik, gure esker ona erakusten genion. Baita 5 dolar ematen zituenari ere. Hala, bere konfiantza irabazi eta hurrengoan agian diru gehiago jarriko zuen”.

Estretagia eraginkorra. Hitz horiek behin behin eta berriz errepikatu zituen Harfoushek Donostian. Baita publiko artetik Europan horrelakorik egitea posible izango ote litzatekeen galdetu ziotenean ere. Kopiatu, kopia daitekeela erantzun zuen, baina estrategia egokirik izan gabe alferrikakoa litzatekeela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

Information

This entry was posted on ekaina 3, 2009 by in Jardunaldiak.
%d bloggers like this: