Komunikasten

Euskal Prentsaren etorkizuna

Iturria: Berria

P1140682
Kazetaritzaren bide berriak
Mikel Peruarena.Andoain

Paperean argitaratzen diren egunkarien etorkizuna aldatuko dela eta kazetaritzak bide berriei ekin beharko diela, ez dute zalantzarik. Paperezko egunkariek balioko dute «elite» edo gutxiengo batentzat; batik bat analisiak eta iritziak eskainiko dituzte, eta egun baino garestiagoak izango dira. Horrela ikusten ditu, behintzat, Vicent Partal-ek, Herrialde Katalanetako Vilaweb webguneko arduradunak. Urrunago joan da Juan Varela kazetari, aholkulari eta Periodistas 21 blogaren sortzailea. «Bost axola dit paperak» esanez hasi zuen hitzaldia atzo: «Datozen belaunaldiek ez dute paperaren mistikarik izango».

EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak antolatuta, Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet jardunaldietan esku hartu zuten atzo Varelak eta Partalek, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Aretoa bete zuten ehundik gora lagunen aurrean, bat etorri ziren ideia honetan: komunikabideek produktu ugari eskaini behar dituzte, eta irakurleekin elkarreragiteko bideak zabaldu. Albisteak paperean argitaratu edo ez, garrantzi handiagoa eman diote egunkarien eraginari. «Aldatuko ez dena egunkariek duten eragin soziala, herritarra eta politikoa da», adierazi du Varelak. «Kontua da jendea hurreratzea zure unibertsora», azaldu du Partalek.

«Ez zait iruditzen komunikazioaren mundua hankaz gora dagoenik», nabarmendu du Vilawebeko arduradunak: «Iruditzen zait egiturak daudela hankaz gora. Euren historiaren gatibu dira egunkariak». Tradizio eta eragin pisuzkoa izan dute, eta izan zirenak ez die pentsatzen uzten nondik jo behar duten aurrerantzean. Komunikazioaren eta informazioaren esparruan aldaketak bizkor gertatzen ari direla, eta are bizkorrago gertatuko direla onartu duen arren, aldaketa horiekin «liluratuta» ez gelditzeko, eta «oinarrizko ideietara itzultzeko» proposamena egin du. Kazetaritzaren eta egunkarien oinarriei eusteko modua ikusten du Partalek, baina, horretarako, «artifiziala den guztia» beldurrik gabe baztertzeko prest egon behar dela ziurtatu du.

Hala, paperezko egunkariek zentzua galdu dutela iruditzen zaio Partali, hein batean bederen: «Zertarako balio du burtsaren bezperako datuak ematea bi orrialdetan? Absurdua da». Informazio hori, minutuz minutu, eskuko telefonoan ikus liteke egun. Partalek aipatzen duen egunkarien «oinarrizko ideia» horretan zera dago: «Albisteak harrapatzen dituen erredakzio bat; horri zentzua ematen dioten irakurleak dauzkana; euskarri batean argitaratzen dena; atzean enpresa batekin; eta marka baten pean». Oinarri horiek manten litezke «irakurlearengana iristeko erak aldatuta», alegia papera utzi eta bestelako euskarriak erabilita ere. Paperean argitaratu, edo ez, aukera da Partalentzat. Kudeatzen duen Vilaweb atariak ez du paperezko ediziorik, baina audioak eta bideoak sortzen ditu, testuaz gain, eta euskarri ugaritan irakur liteke.

Eredu berrien bila

Egunkariak aldatzen ari dira, eredu berrien bila. Hainbat adibide aipatu ditu Partalek: aldizkari itxura hartuz doazen egunkariak, irakurleek hautatutako zerbitzu eta gaien arabera osatzen direnak… Egunkariak eta liburuak irakurtzeko gailu teknologiko berriak ere sortzen ari dira: Kindle, eBook delakoa eta Plastic Logic izeneko gailua zerrendatu ditu -azken hori, papera bezala tolesten den gailu elektronikoa da-. «Baina aldaketa handiena ez da teknologikoa izango», Partalen arabera: «Kontzeptu editoriala aldatuko da gehien». Bi ezaugarri berrik eragingo dute kontzeptuaren aldaketa horretan: komunikabideak kontsumitzeko -«dieta mediatikoa»- era berriak, eta irakurleek «boterea hartu» izanak.

Internet eguneko 24 orduetan erabil liteke, azken orduko albisteak begiratzeko, adibidez; telebista noizbehinka ikusten da; eskuko telefonoak beti daude eskura; egunkariak goizeko lehen orduetan baino ez dira irakurtzen; eta irratia, batik-bat, autoan entzuten da. Hedabideen kontsumoa, «asko sinplifikatuta», horrelakoa dela eta, ondorioz, egunkariek zer leku duten «birpentsatu» behar dela uste du Partalek.

Vilawebeko arduradunak bezala, Varelak ere ikusten du irakurleen papera aldatu dela. The New York Times egunkariak urtetan erabili duen leloa gogorarazi du: «Argitaratzea merezi duten albiste guztiak». Hori da, hain justu, egunkariek egin behar ez dutena, Varelaren arabera. Egunkariek «ulertu behar dute» informazioa prozesu bat dela, albistea ez dela hiltzen behin argitaratuta: sare sozialetan hedatzen da, iruzkinak jasotzen ditu, gomendatu egiten dute, iritziak sortzen ditu, berritu egiten da… Web 2.0 delakoak eta Interneteko sare sozialek horretarako aukerak sortu dituzte, Varelak azaldu duenez, eta ekintzaile bihurtu dira irakurleetako asko.

Masa komunikabideek albisteen gaineko kontrola galdu dutela uste du Varelak, eta haien eredua amaitu egin dela. Egun, informazioa ez da norabide bakarrekoa, eta hartzaileen arabera aldatu behar dira edukiak, parte hartzeko aukerak eskainiz. Gizarteak, aldiz, «edukien gaineko irizpide sozial dinamikoa» berreskuratu duela iruditzen zaio Varelari: «Internet intimoa da, pertsonala, baina baita soziala ere, eta horrek ekarri du informazioaren edukiak errotik aldatzea». Horrekin guztiarekin, kazetariek sare sozialen barnean, eta haiekin, lan egiten ikasi behar dutela ondorioztatu du Periodistas 21 webguneko sortzaileak. «Kazetaritza parte-hartzaile eta sozialagoa eta komunikabide irekiak, orain diren baino askoz ere irekiagoak» eskatu ditu Varelak. Hortaz, uste du «erronka erraldoiak» dituztela egunkariek.

Produktu ugari

Aurrera begiratzen jarrita, egunkari bakar batek, marka bakarrarekin, zereginen eskema bakarrarekin eta erredakzio bakarrarekin, bitarteko edo euskarri ezberdinak erabil ditzakeela iruditzen zaio Vicent Partali. Egunkariek zabalpena izan nahi badute, hortik jo behar dutela pentsatzen du. Paperezko edizioek eragina izango dute gizartean, baina bestelako bitarteko batzuek emango diote egunkariari zabaldu eta jende gehiagorengana iristeko aukera -«nahiz eta, berez, errentagarriak ez izan», zehaztu du Partalek-, ez paperean argitaratzeak. Kostuaz gainera, beste bitartekoek egunkariari zer ekarpen egiten dioten begiratu behar dela nabarmendu du: «Ikuspegi orokorra da axola duena».

Varela ados agertu da Partalen zenbait ideiarekin. Bere ustez, egunkariek produktu asko eskaini behar dituzte, marka bakarraren pean; multimedia izan behar dute, formatu eta estilo bereziak bilatuz, «publiko ezberdinak eta iristeko modu ezberdinak bilatuz». Nolanahi ere, Varelak «obsesio handia» ikusten du multimediarekin, eta «gogoeta gutxi multiproduktuez». Interneten audioak eta bideoak txertatzen dituzte egunkariek, baina ez da sobera pentsatzen, egunkariak izan ditzakeen euskarri ezberdinetan, nori zer eskain diezaioketen.

Orobat, ados agertu dira egunkariek merkatu berriak zabaltzeko beharra ere dutela esateko, eta egunkarien inguruan komunitateak antolatzearen garrantzia nabarmentzeko orduan. «Informazioa egiten badakigu; hobeto edo okerrago, badakigu; ez dakigu, ordea, irizpide sozialak kudeatzen», nabarmendu du Varelak.

Hitzaldien bideoak hemen.

INTERNETEN informazioa barra barra zabaldu zen:

Sustatu

ZuZeu

Mahai-inguruari buruzko bideoa hemen.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

Information

This entry was posted on maiatza 23, 2009 by in Eraginkortasunaren baliospena,Jardunaldiak.
%d bloggers like this: